jueves, 14 de abril de 2016

Irakasleak Danimarkan

Martxoko hirugarren astean Armeria Eskolako Gari Garmendia eta Asier Gabilondo eta Meka Lanbide Eskolako Ana Molina Dinamarkan egon ginen, bi ikastetxeon artean eramaten ari garen Ospitale Arreta proiektuarekin erlazionatuta. Astelehenetik ostiralera Copenhagen-en egon ginen, eta handik gertu dagoen Ringsted herriko Sosu Sjælland ikastetxea bisitatu genuen. Oso harrera ona egin zigun bertako arduradunak, Annete Kay, eta beraien lana azaldu ziguten. Ospitale Arreta proiektuarekin erlazionatuta, pertsona ezinduen eta hauen zaintzaileen ongizaterako daukaten tailerra erakutsi ziguten baita ere, beraien ikasleekin erabiltzen dutena. Oso ekipamendu berritzailea eta interesgarria aurkitu genuen bertan.


Adimen urritasuna daukaten pertsonek lan egiten duten jantoki bat ere ezagutu genuen, eta bertako janari goxoak dastatu ere! Oso giro atsegina aurkitu genuen eta oso pozik zeuden gure bisitarekin, beraiek esan zigutenez.

Odense hirira ere bidaiatu genuen, bertako Danish Technological Institute berrikuntza zentrua bisitatzera. Bertan, robotika industriala eta pertsona ezinduen ongizaterako departamentuak ikusi genituen, eta beraien lanaren aurkezpen bat egin ziguten.

Bidaia oso aberasgarria izan da, oso jende atsegina ezagutu dugu eta esperientziak konpartitu ahal izan ditugu. Eta argi geratu zaigu Copenhagen hirian mugitzeko modurik onena bizikleta dela!

Irakasle guztiak animatu nahi genituzke horrelako esperientzietan parte hartzera, eta eskerrak eman nahi genioke Armeria Eskolako Internazionalizazio departamentuari emandako laguntza eta aukera guztiengatik, lan bikaina egiten ari zarete!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario